XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); azkenerako Beizmenne ados zegoen zehaztasunekin - hasieran borondate txarrez, gero arazoak bere ustetan zuen garrantziagatik.

17`45ak aldera arazoa sortu zen ea itaunketa jarraitu ala moztu behar zen, ea Blum libre utzi behar zuten ala gartzelan sartu.

Egiaz, 17`00 aldera komentzitu zuten te bat eta bokadillo bat (urdaiazpikozkoa) har zitzan, eta prest azaldu zen itaunketaz jarraitzeko, Beizmennek hura bukatzean askatuko zuela agindu bait zion.

Ondoren Woltersheim andrearekin zituen arazoen txanda etorri zen.

Bera, esan zuen Blumek, amapontekoa zen, beti berekin arduratu zena, bere amaren lehengusina urrutikoa; hirira aldatu zenean, berekin harremanetan jarri zela....

- Otsailaren 20an etxe horretara gonbidatua izan nintzen dantzara; berez otsailaren 21ean ospatu behar zen, Emakunde egunez, baina aurreratua izan zen, Emakunde egunerako lan eginkizun batzuk hitzemanda zeuzkalako.

Hura zen azken lau urteetan neukan dantza solasaldi bakarra.

Hemen gauzatxo bat zuzendu behar dut: inoiz edo behin, bitan edo hirutan, behar bada lau aldiz Blornatarren etxean dantzan egin izan dut, hango partyetan parte hartzen nuenean.

Berandu zenean, gauzak jaso eta garbiketa egin eta gero, kafea mahairatu eta Dr. Blornak edaritegia bere kontura hartzen zuenean, saloira eraman ohi ninduten, eta han Dr. Blornarekin eta irakaskuntza, finantza eta politika munduko beste jaun batzuekin egin ohi nuen dantzan.

Gerora desgogora eta zalantzakor joaten nintzen, eta azkenik ez nuen halako inbitaziorik onartzen, izan ere jaunok sarri mozkortu egiten ziren eta lotsagabekeriatan hasten.